domingo, 25 de enero de 2009

Urtarrilak 31: Internazionalismoa aurrera! Gazteok Bilbora!



Elkartasuna herrien arteko samurtasuna da, esan zuen Ernesto Guevara Chek; eta bi herri ditut maitatzeko eta mundu bat bere alde borroka egiteko, Pakito Arriaranek.

Manifestu honi atxikitzen gatzaizkionok, azken aldian munduan eta Euskal Herrian elkartasun internazionalistak pairatu dituen kriminalizazio saio eta mehatxuen aurrean, printzipio eta sentimendu honen balioa eta hari adierazten diogun babesa aldarrikatzen dugu.

Aldarrikatzen eta babesten ditugu Palestinar Herriaren askapen borroka eta elkartasun hori gauzatzeko tresna praktikoa: 'Israeli Boikot' egitea. Aldarrikatzen eta babesten dugu Jatorrizko Herriek beren herri eskubideak eskuratzeko egiten duten borroka mundu osoan eta Abya-Yalan bereziki: Mexikon, Wall-Mapun, Bolivian, Ekuadorren, Kolonbian... Aldarrikatzen eta babesten dugu iraultza bolivariarrak estatu inperialista eta trasnazionalen aurka egiten duen borroka eta sozialismo berriaren eraikuntza, eta Colombiako sindikalistek eta gizarte zibilak zapalkuntza inperialistaren sinbolotzat hartu duten Coca-Cola hiltzaile, lur eta ur lapurtzaile eta gerraren finantziatzaileari boikot egitea ere bai.

Elkartasun lan hori, arestian aipatu bezala, kriminalizatua eta mehatxatua dago: Kolonbiako paramilitarrek erakunde, kolektibo eta elkarte asko mehatxatu dituzte, ez bakarrik Kolonbiakoak, nazioartekoak ere bai, eta tartean Euskal Herrikoak. Brigadistek ere jazarpen polizialak pairatzen dituzte gero eta herri gehiagotan. Herrien arteko elkartasuna polizien arteko informazio trukean eta epaile eta ministroen artekoetan, (Kolonbia, espaniar, frantses, israeldar estatuak eta AEBen artekoetan, kasu) eskuz esku dabil.

Alabaina, elkartasunaren kriminalizazioak ez dio bakarrik Palestina, Kolonbia, Bolivia, Mapucheak, Venezuela edo Mexikoren aldeko elkartasunari eragiten. Ezin dugu ahaztu, Euskal Herriari beren elkartasuna eskaintzeagatik Parisko elkartasun komiteak eta Izquierda Castellanak pairatu dituzten eraso judizial eta polizialak eta Sebas Bedouretek pairatutako torturak eta espetxeratzea.

Manifestu honen bidez, internazionalismoaren balioa eta beharra aldarrikatzen ditugu, eta gonbidatzen zaituztegu, zuok ere, elkartasun internazionalista jorratzen duzuen taldeok, eta bestelako erakunde, kolektibo, sindikatu, gaztetxe, GKE eta abar, manifestu hau babestera, bai eta urtarrilaren 31n Bilbon egingo dugun nazio manifestazioan esku hartu dezazuen.

Beste herrietako lagunak zaretenoi ere babesa eskatzen dizuegu, eta gonbidatzen zaituztegu internazionalismoaren defentsan ekimenak egin ditzazuen.

No hay comentarios: