domingo, 4 de octubre de 2009

Zornotzako gazteek "haserre" daudela adierazi dute


Ipurtargi Gazte Asanbladaren oharra:

ZORNOTZAN GAZTETXEA NAHI ETA BEHAR DUGULAKO!

Gaur, hemen batu garen Zornotzako gazteok PNVko David Latxaga herriko alkatea eta bere morroien jarrera salatu nahi dugu!

Gaur haserre gaude. Haserre gaude ez digutelako guk nahi dugun gazteria izaten uzten! Haserre gaude bere nahietara makurtuta nahi gaituztelako. Haserre gaude gazteok nahi dugun gune autogestionatu bat eskaintzen ez digutelako! Haserre gaude herritar moduan errespetatzen ez gaituztelako! Urte bete daramagulako Latxaga jaunarekin hitz egin nahian eta oraindik ez gaituelako hartu, baimenak eskatu arren baimenik ematen ez digutelako eta beraien burokraziaren menpe nahi gaituztelako.

Hainbat aldiz eskatu dugu herriko leku publiko eta hutsen zerrenda eta ez digute eman! Eta gainera aurpegira barre egin nahi izan digute atzo Forjaseko eraikina bota ondoren!

Forjas, herrian aspalditik erabilpenik gabe zegoen eraikin publikoa izan da eta gazteok hori okupatzeko hautua egin genuen! Udalak ordea ez digu utzi eta gu sartu baino lehen beraiek sartu dira eskabadora eta tresneria guztiarekin guri lekua kendu eta txikitzera.

Zertarako hori guztia? Ez al gara gazteok Zornotzako herritarrak? Ez al dugu eskubiderik? Zer erantzungo duzue honen aurrean?

Zuen poltsikoak betetzen jarraitzeko eraikitzen ari zareten herria ez da guk nahi duguna! Guk gune aske bat nahi dugu! Gure eskubidea delako eta bertan libre jardun nahi dugulako inongo errepresiorik gabe eta inongo jazarpenik gabe!

Haserre gaude eta ziur egon gure haserrearen berri izango duzuela! Okupazioa ez delako delitua eta gaztetxe bat derrigorrezkoa eta beharrezkoa delako aurrera jarraituko dugu! Aurrera goazen gazteria gara eta ez gaituzue geldituko, inoiz baino indartsuago gaudelako!

OKUPAZIOA AURRERA, ZORNOTZAN GAZTETXEA ORAIN!

No hay comentarios: