Joan den larunbatean Hendaiako gazteek Ondarraitz futbol zelaiaren aldamenean aurkitzen den hiru solairuko etxe bat okupatu ondoren, Hondartza auzoko bizilagunendako bazkari informatiboa prestatzen ari dira. Etxeko lorategian eman duten prentsaurrekoan gazteen bozeramaile Matthieuk azaldu duenez, gaztetxearen proiektua azalduko diete bizilagunei asteazkeneko bazkarian. Bestalde, uztailaren 25ean, larunbatarekin ate irekitze eguna antolatu dute.
Momentuz, baratza komunitarioa eta konposta egiteko egitura bat prestatzen hasi dira, baina horrez gain doako euskara ikastaroak, filma alternatiboen bideo-proiekzioak, hitzaldi-eztabaidak eta aterpetxe zerbitzua eskaini nahi dute besteak beste. Logelak prestatu eta jendeak dohainik lo egin dezala nahi dugu, adierazi du Matthieuk. Aldi berean, dagoeneko hiru lagun bertan bizi direla nabarmendu du.
Legearen muganUrteotan Hendaiako gaztetxearen aldarrikapena Bazen Garaia Elkartearen eskutik etorri izan den arren, gazteen esanetan, okupazioa ez du Bazen Garaiak berea egiten, Hendaiako gazteriak edo gazte talde batek baizik. Baina gaztetasuna, ez da ekintza burutu baino lehen legedia ondo aztertu beharra zutela jakiteko oztopo izan. Frantziako estatuko legeak dioenez, hutsik dagoen etxe batean 48 ordu igaro ondoren, eta justifikatu ahal izanez gero, Poliziak ezin zaitu bertatik kaleratu, adierazi du Matthieuk.
Hori horrela, igandean CRSko polizia agenteak iritsi ziren bidetik alde eginzuten. Baina noizean behinka Ondarraitzetik pasa eta gaztetxearen parean geratzen dira. Nolanahi ere, Herriko Etxeak eta etxearen jabeak salaketa ofiziala egin ezean, inork ezingo ditu bertatik kaleratu.
Auzapezaren hitzaEra horretara, Hendaiako gazteek urtetan aldarrikatu duten gaztetxearen alde egin dute. Gure aldarrikapenak muturrera eraman behar izan ditugu, azkenik, kexatu da gazteen bozeramailea. Honela, Herriko Etxearen laguntzarik gabe eta etorkizun hurbilak zer ekarriko ote dien jakin gabe justizia soziala dakarren erabakia hartu dutela dio Matthieuk. Izan ere, Hendaian gaur egun 400 etxebizitza hutsik daude eta alternatibak proposatzeko bilera baten esperoan egoteaz nekaturik Hondartza auzoko etxe hau okupatzea erabaki dute.
Zentzu horretan, joan den martxoan Hendaiako Merkatu Zaharrean Herri bat, Gaztetxe bat! lemapean Gaztetxearen Aldeko Eguna kari antolatu bestan, ehunka lagunek Hendaian gazte mugimendua bizirik dela argi utzi zuten.